Atzera egin

4. edizioko saridunak

Arrow left
Arrow right

CaixaBankek eta Microsoftek WONNOW sariak eman dizkiete Espainiako unibertsitateko gradu zientifiko eta teknikoetako emakumezko ikasle onenei. Laugarren urtez jarraian, bi erakundeek STEM talentua aintzatetsi dute. WONNOW sarien barruan, 10.000 euroko saria dago espediente akademiko onena duen ikaslearentzat, eta sei hilabetez CaixaBanken lan egiteko ordaindutako 10 beka, baita Microsoften mentoring programa batean parte hartzeko aukera ere.

Ekimen honen bidez, CaixaBankek eta Microsoftek aniztasuna eta emakumeen presentzia sustatu nahi dituzte teknologiaren eta zientzien esparruan, ibilbide profesionalaren hastapenetatik hasita, eta beste neska gazte batzuk STEM (Zientziak, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) ikasketak egitera animatu nahi dituzte.

Urtetik urtera parte hartzaile gehiago

Edizio honetan, Espainia osoko 65 unibertsitatetako 723 ikaslek parte hartu dute; hortaz, parte hartzaileen kopurua aurreko urtekoa baino % 108  handiagoa izan da. Orain arte egindako lau edizioetan, 1.700 neska baino gehiago aurkeztu dira guztira, eta horrek argi erakusten du WONNOW sariak erreferentziazko sari finkatuak direla unibertsitate esparruan. 

Sariak banatzeko ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Gonzalo Gortázar, CaixaBankeko kontseilari ordezkaria; Alberto Granados, Microsofteko presidentea Espainian; Mariona Vicens, CaixaBankeko Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko zuzendaria; Anna Quirós, CaixaBankeko Kultura, Hautaketa, Garapen eta Lan Harremanetarako zuzendaria; eta Rebeca Marciel, Microsoft Españako Enpresa Handien ataleko zuzendaria.

Gonzalo Gortázarrek parte hartzaileen lana eta ahalegina aitortu ditu, eta haien konpromisoa eta dedikazioa baloratu ditu. Honako hau nabarmendu du Gortázarrek: "WONNOW sarien bidez, aniztasuna sustatzen dugu orain eta etorkizunean aukera handiak eskaintzen dituen eta emakumeen presentzia eskasa duen esparru batean". Gainera, hauxe azpimarratu du: "Sari hauekin norbanakoen eta gizarte osoaren garapenari laguntzen jarraitu nahi dugu, industria teknologikoan aniztasuna sustatuz". Gortázarrek lanbide horien aldeko apustua egitera eta emakumeak zientzialari, matematikari edo ingeniari handiak direla erakustera animatu ditu neska gazteak.
 
Alberto Granadosek, berriz, hau esan du: "Digitalizazioak enplegu espezializatua sortzen du, ez bakarrik industria teknologikoan, baizik eta sektore guztietan; beraz, talentu kualifikatua trebatzeko premia dago, eta emakumeak ezin dira atzean geratu". Microsoftek Espainian duen presidenteak aldarrikatu du zientzian eta teknologian dagoen genero arrakala murriztu behar dela, eta aniztasunak berrikuntza eta hazkundea bultzatzen dituela.

Lan aukera ikaragarriak eskaintzen dituen sektorea

WONNOW sariek CaixaBank eta Microsoftentzat funtsezkoak diren bi gai lantzen dituzte: aniztasuna eta teknologiaren aldeko apustua. Gainera, bi erakundeek partekatzen dituzten balioen isla argia dira; balio horietako batzuk dira, besteak beste, konpromiso soziala, berdintasunaren aldeko lana eta bikaintasunaren aintzatespena.

Irabazleak aukeratzeko, haien espediente akademikoa eta ibilbide pertsonala, hezkuntzakoa, profesionala eta soziala baloratu dira. Hau izan da diruzko sariaren irabazlea:

  • Julia Guerrero (Zaragoza). Informatika Ingeniaritzako graduduna da (Zaragozako Unibertsitatea), eta Konputazio Zientzietako masterduna, Adimen Artifizialean espezializatua (Friburgeko Albert-Ludwigs Unibertsitatea, Alemania). Espediente akademiko onenaren saria jaso du, 10.000 eurokoa. Gainera, Microsoftek eskainitako mentoring programa batean parte hartu ahal izango du.

Beste 10 saridunek ordaindutako beka bana lortu dute, sei hilabetez CaixaBanken lan egiteko eta finantza sektorearekin lotutako berrikuntza proiektuen garapenean parte hartzeko. Gainera, Microsoften mentoring programa batean parte hartzeko aukera ere izango dute. Hauek dira irabazleak:

  • Nerea Solabarrieta (Donostia). Informatikako eta EAZko Gradua Deustuko Unibertsitatean.
  • María Pifarré (Lleida). Fisikako Gradua egin du Bartzelonako Unibertsitatean (UB), eta Finantza Ikasketetarako Matematikako Masterra egiten ari da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB).
  • Ingrid Pérez (Bartzelona). Datuen Zientziako Matematikako Ingeniaritzako Gradua eta Informatikako Ingeniaritzako Gradua ikasten ari da Pompeu Fabra Unibertsitatean (UPF).
  • Raquel Enrique (Cádiz). Informatikako Ingeniaritzako eta Matematikako Gradu Bikoitza ikasi du Granadako Unibertsitatean.
  • Leonor Alcalá (Teruel). Ingurumen Zientzietako Gradua egin du Zaragozako Unibertsitatean.
  • María Jesús Hernández (Las Palmas Kanaria Handikoa). Matematikako Gradua egin du La Lagunako Unibertsitatean, eta Aldagai Anitzeko Datuen eta Big Dataren Analisi Aurreratuko Masterra, Salamancako Unibertsitatean.
  • Marina Boyero (Madril). Informatikako Ingeniaritzako eta EAZko Gradu Bikoitza egiten ari da Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean.
  • Paula Pérez (Madril). Informatikako Ingeniaritzako eta EAZko Gradu Bikoitza egiten ari da Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan.
  • Amparo García (Zamora). Matematikako Gradua egin zuen Salamancako Unibertsitatean, eta Matematika Aplikatu eta Informatikako Masterra, Lobachevskyko Unibertsitatean (Errusia).
  • Sandra García (Salamanca). Informatikako Ingeniaritzako Gradua ikasten ari da Salamancako Unibertsitatean.
Icono

CaixaBanki buruz

Aniztasuna, meritokrazia, aukera berdintasuna eta talentuaren aintzatespena CaixaBanken kultura korporatiboaren parte dira. Genero aniztasuna sustatzeko berariazko jarduera programa bat du erakundeak: Wengage programa. Horren bidez, bi generoen arteko aukera berdintasuna bultzatzen du, eta emakumeek enpresan eta gizartean duten rola indartzen du. Eta Berdintasun Plana ere badu, lantaldeen aukera berdintasunaren eta aniztasunaren printzipioak sustatzeko, zuzendaritza postuetan emakumeen presentzia bultzatzeko eta bizitza pertsonala eta profesionala bateratzeko neurriak indartzeko.

Icono

Microsofti buruz

Microsoftek (Nasdaq "MSFT" @microsoft) eraldaketa digitala sustatzen du hodei adimendunaren eta Intelligent Edge-aren arorako. Microsoft enpresak aniztasun handia du zentzu guztietan. Generotik haratago, bere kulturan barneratuta duen ezaugarria da. Konpainia gisa duen zeregina berez da inklusiboa: planetako pertsona eta erakunde oro ahaldundu nahi du, gehiago lortu ahal izan dezan. Enpresa barruan, langileei beren energia eta teknologiarekiko grina misio horrekin lotzeko aukera ematen dien kultura sustatzen du. Eta horretarako, aniztasuna funtsezkoa da.