Gonzalo Gortázarrek, CaixaBanken kontseilari ordezkariak, eta Pilar Lópezek, Microsoft Españako presidenteak, WONNOW sariak eman dizkiete Espainiako unibertsitateetako STEM graduetako (Zientziak, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) 11 emakumezko ikasle onenei. Sari hauen bidez, CaixaBankek eta Microsoftek talentuaren aldeko apustua egin nahi dute, eta aniztasuna eta emakumeen presentzia sustatu nahi dituzte teknologiaren eta zientzien esparruan, ibilbide profesionalaren hastapenetatik hasita.
Ekimenak barne hartzen ditu 11 sari: espediente akademiko onena duen ikasleak 10.000 euroko diru saria jaso du, eta, horrez gainera, beste 10 ikaslek ordaindutako beka bana jaso dute, CaixaBanken lan egiteko. 6 hilabetez praktiketan aritzeko kontratua eskainiko zaie, eta epe hori amaitzean erakundean sartzeko aukera izango dute.
Gainera, Microsoftek eskaintzen duen mentoring programa batean parte hartzeko aukera ere izango dute. Programak industria teknologikoan ibilbide profesionala garatzearekin zerikusia duten alderdien gaineko aholkularitza eskaintzen du.
Ikasketa teknikoetako 11 emakumezko ikasle onenak aintzatetsi dituzte
Carlota Armillas Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritzako Gradu Bikoitzeko ikaslea da Cádizeko Unibertsitatean, eta 10.000 euroko saria jaso du. Gainera, beste 10 ikaslek ordaindutako beka bana jaso dute, CaixaBanken lan egiteko, eta Microsoften mentoring programa batean parte hartzeko aukera izango dute.
Laburbilduz, WONNOW sarien lehenengo edizioan Espainiako 59 unibertsitatetako 260 ikaslek parte hartu dute, eta Andaluziako lau ikasle, Kataluniako bi, Euskal Herriko bat, Kantabriako bat, Kanarietako bat, Valentziako Erkidegoko bat eta Madrilgo bat saritu dituzte.
Aniztasuna sustatzen
Gonzalo Gortázarrek eskerrak eman dizkie ikasle guztiei parte hartzeagatik, eta saridunak zoriondu ditu, eta "jarraitu beharreko eredua" direla aipatu du. CaixaBankeko kontseilari ordezkariak azaldu duenez, "gure gizartearen garapenean gero eta funtsezkoagoak diren ikasketetan diharduten emakumezkoen talentua aitortu nahi dute WONNOW sariek. Sari hauen bidez, norbanakoen eta gizarte osoaren garapenean laguntzen jarraitu nahi dugu, industria teknologikoan aniztasuna sustatuz".
Bestalde, Pilar López oso pozik agertu da sarien lehen edizioko parte hartzeagatik, eta neska unibertsitario guztiei eskerrak eman dizkie beren inplikazioagatik. "Neska gazteei STEM ikasketekiko grina transmititzea eta haiengan zientzia eta teknologiari begirako jakin-mina piztea mesedegarria izango da emakumeak IKTen industrian sartzeko, eta urrats hori funtsezkoa da Espainiaren epe luzerako lehiakortasuna bermatzeko. Microsoften uste dugu talentu onenak askotarikoa behar duela izan, eta gaztetatik landu behar dela. Enpresekin, elkarteekin, irabazi asmorik gabeko erakundeekin, emakume profesionalen sareekin eta hezkuntza erakundeekin lanean dihardugu, neskatxak eta neska gazteak inspiratzeko eta teknologia eta zientzia emakumeen esparruak ere badirela frogatzeko, eta CaixaBankekin batera antolatutako WONNOW sariak lan horren adibide ona dira".
Sari hauen bidez, unibertsitate ikasketa teknikoak egiten dituzten emakumeen bikaintasun akademikoa eta pertsonala saritu dituzte bi erakundeek, ikasketa horietan emakume gutxi baitago. CaixaBankek eta Microsoftek talenturik handiena nabarmentzen dute, eta, horretarako, ikusgaitasuna ematen diete STEM sektoreko emakumezko erreferenteei, eta aniztasuna sustatzen dute industria teknologikoan. Proiektu transbertsala da, eta ikasketa horien aldeko apustua egiten duten emakumeen ahalegina eta konpromisoa nabarmendu nahi ditu.
CaixaBankek eta Microsoftek partekatzen dituzten zenbait balio, hala nola konpromiso sozialarena, berdintasunarena eta bikaintasunarena, ongi islatuta daude urtero antolatu nahi duten ekimen honetan. Proiektuaren bidez, enpresa ingurunean aniztasuna eta genero berdintasuna sustatzeko duten konpromisoa erakutsi nahi dute bi erakundeek.
UNESCOren txosten baten arabera, STEM arloko unibertsitate ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleen % 35 bakarrik dira emakumeak, eta mundu osoko ikertzaileen % 28 dira.
Emakume Ingeniarien Elkartearen (Society of Women Engineers) datuen arabera, Espainian ingeniaritzetako gradudunen % 20tik gora dira emakumeak, baina % 11 bakarrik daude aktibo. Informatikako Ingeniaritzan matrikulatutako emakumeen ehunekoa txikiagoa da, % 12koa, eta sektore horretako gizon aktiboen kopurua emakumeen kopurua baino hiru bider handiagoa da.
Egoera horrek erabat kontrastatzen du STEM gaitasun egokiak dituzten profil profesional berrien eskaera handiarekin. Europako Batzordeak ohartarazi duenez, lanpostu guztien % 90ean jada beharrezkoak dira trebetasun digitalak, eta litekeena da bi urte barru Europan 500.000 lanpostu hutsik egotea hautagaiek ez dutelako prestakuntza egokirik.
Gizonen eta emakumeen artean berdintasuna egongo balitz industria digitalean, urtean 9.000 milioi euro inguru handituko litzateke Europar Batasuneko BPGda, baina hori ezinezkoa izango da nesken artean STEM ikasketekiko interesa sustatu ezean, ikasketa horiek emango baitizkiete aro digitalean lehiatzeko behar dituzten trebetasunak.