CaixaBankek eta Microsoft Ibéricak WONNOW sarien beste deialdi bat antolatu dute, Espainiako STEM esparruko (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika arloa) emakumezko ikasle onenak saritzeko. Espainiako 80 unibertsitatetako neskek parte har dezakete sariketan, gradu teknikoetako 180 kreditu gaindituta badituzte.
CaixaBankeko kontseilari ordezkari Gonzalo Gortázarrek adierazi duenez, WONNOW sarien helburua da "talentu handia duten eta ibilbide profesionalaren hastapenetan dauden emakumeei laguntzea, etorkizuneko lanbideen aldeko apustua egin dezaten".
Gonzalo Gortázarrek nabarmendu duenez, "premiazkoa da zientziaren eta teknologiaren arloetan emakumeen presentzia sustatzea, berrikuntza benetan disruptiboa eta egungo munduaren erronkei begira ikuspuntu berriak bilatzeko lagungarria izatea nahi badugu". Eta erantsi du: "Aniztasun handiko taldeekin lan egiten badugu bakarrik lortuko dugu hori".
Microsoft Españako presidente Pilar Lópezentzat, "digitalizazioaren bidez Espainia berrasmatzeko unea da, eta, horretarako, gaitasun digitalak dituen talentu kualifikatua behar dute enpresek. Prestakuntzan lan egin behar dugu, eta emakumezkoen talentu teknikoa bultzatu. WONNOW sariak horren adibide dira. Izan ere, emakumeen presentzia bultzatu nahi dute sektore teknologikoan, bazterketarik gabeko digitalizazioa lortzeko. Gure konpromisoa da gaur egungo arrakala murrizten laguntzea eta Espainiaren susperraldian funtsezkoa izango den sektore batean ahalik eta emakume gehien sar daitezen lan egitea".
Espainian, datozen bost urteetan teknologiarekin lotutako bi milioi lanpostu sortuko direla aurreikusten du LinkedInek. Eta dagoeneko edozein sektorek behar du digitalizazioa, ez soilik sektore teknologikoak. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) datuen arabera, ikertzaile zientifikoen % 30 baino gutxiago dira emakumeak. Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren azken argitalpenaren arabera, Espainian unibertsitateko gradu eta masterretan emakume gutxi daude matrikulatuta ingeniaritzarekin, industriarekin eta eraikuntzarekin lotutako ikasketetan (% 28,5) edo informatikan (% 12,9) (Igualdad en cifras MEPF 2020).
Genero arrakala hori murrizteko, arlo teknologiko eta zientifikoetan emakumeen presentzia bultzatzeko eta lan merkatuan arrakasta lortzeko gaitasun digitalak garatu behar direla ikusarazteko, bi erakundeek laugarren urtez jarraian antolatu dituzte WONNOW sariak, zeinak erreferentziazko bihurtu baitira unibertsitate eremuan. Orain arte egindako hiru edizioetan Espainia osoko unibertsitateetako 1.000 neskak baino gehiagok parte hartu dute.
Talentua aintzatestea
WONNOW 2021 sariek 10.000 euroko saria emango diote deialdiarekin kolaboratzen duten Espainiako 80 unibertsitateetako bateko gradu tekniko batean espediente akademiko onena lortu duen emakumeari. Bestalde, beste 10 neska gaztek ordaindutako beka bat lortuko dute CaixaBanken lan egiteko, eta guztiek parte hartuko dute Microsoft Ibéricak eskainiko duen mentoring programa batean.
Parte hartu ahal izateko, gaindituta izan behar dituzte STEM gradu bateko lehen 180 kredituak, eta matrikulatuta jarraitu behar dute gradu horretan edo ikasketei jarraipena ematen dien master batean. Interesdunek www.wonnowawards.com webgunean aurkez dezakete beren hautagaitza, 2021eko ekainaren 13ra arte; horretarako, formulario bat bete beharko dute, eta norberaren merezimenduak eta profila ezagutzeko balio duten zenbait galderari ere erantzun beharko diete bertan. Hautagaien espediente akademikoa ez ezik, merezimendu pertsonal, profesional eta sozialak ere baloratuko dira. Gainera, curriculuma, motibazio gutun edo bideo bat eta gainditutako lehen 180 kredituen batez besteko nota ere adierazi behar dituzte.