Gonzalo Gortázarrek, CaixaBanken kontseilari ordezkariak, eta Alberto Granadosek, Microsoftek Espainian duen presidenteak, WONNOW sariak eman dizkiete Espainiako unibertsitateetako STEM graduetako (Zientziak, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) emakumezko ikasle onenei.
Ekimen honen bidez, bi erakundeek unibertsitateko gradu teknikoetako emakumeen bikaintasuna saritu dute bosgarren urtez jarraian, helburutzat harturik aniztasuna sustatzea eta sektore horietan genero arrakala murrizten laguntzea, lan aukera izugarriak eskainiz emakumeen presentzia urria den arloetan.
Aukera horiek ez lituzke generoak baldintzatu behar, baina UNESCOren "Descifrar las claves: la educación de las mujeres y las niñas en materia de STEM" txostenetik ondorioztatzen denez, goi mailako hezkuntzan STEM ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleen % 35 bakarrik dira emakumeak, eta goi mailako hezkuntzako emakumezko ikasleen % 3k bakarrik egiten dituzte IKT ikasketak.
Europako Batzordeak sustatzen duen U-Multirank Gender Monitor unibertsitateen nazioarteko rankingak 80 herrialdetako 1.000 erakunde baino gehiago aztertzen ditu, horien artean Espainiakoak, eta argi erakusten du genero desoreka dagoela ibilbide akademikoak aurrera egin ahala. STEM esparruari lotutako ezagutza arloetan, Espainian Biologian (% 62), Kimikan (% 55) eta Arkitekturan (% 50) daude emakume gehien ikasgeletan, eta, aitzitik, Informatika Ingeniaritza (% 14), Ingeniaritza Mekanikoa (% 17) eta Ingeniaritza Elektrikoa (% 19) dira emakume matrikulatu gutxien dituztenak.
Lan merkatuan ere badago genero arrakala. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak Espainiako Zientzia eta Teknologiarako Fundazioarekin (FECYT) lankidetzan prestatutako "Mujeres e Innovación 2022" txostenaren arabera, 2020an Espainiako enpresen % 17k eta IKTen sektoreko hiru konpainiatik batek bakarrik zeuzkaten teknologia aurreratuetan espezializatutako emakumeak.
Erreferentziazko deialdi finkatua
CaixaBank eta Microsoft berriro elkartu dira WONNOW sarietan, beste neska gazte batzuentzat pizgarri eta inspirazio izan daitezen, eta gradu teknikoak ikastera eta eskaera handia duten lanpostuetarako ondo prestatzera anima daitezen.
Sariak banatzeko ekitaldian, CaixaBankeko kontseilari ordezkariak parte hartzaile guztien lana eta ahalegina nabarmendu ditu, eta saridunak zoriondu ditu. Gortázarrek honako hau azpimarratu du: "Parte hartzaile eta saridun guztiak erreferentea dira beste neska batzuk estereotipoak apurtzera animatzeko eta haiengan zientzia eta teknologiarekiko interesa pizteko gaztetatik. Lehentasunezkoa da emakumeen talentua sustatzea sektore guztietan eta, bereziki, haien presentzia eta erreferentzia txikiagoa den eremuetan".
Microsoften Espainiako presidenteak hauxe aipatu du: "Talentu digitalaren eskaera handia da Espainian, baina sektore guztietako 10 enpresatik 8k zailtasunak dituzte teknologian eta STEM gaitasunetan trebatutako profesionalak lortzeko. Konpainia guztiak digitalak dira jada, eta digitalizazioak ez du generorik. CaixaBankekin batera antolatzen ditugun WONNOW sarien bidez, STEM esparruko unibertsitate ikasketak egiten dituzten nesken bikaintasun akademikoa saritu nahi dugu, eta beste batzuei ikusarazi nahi diegu aukera bikaina direla. Prestakuntzan lan egin behar dugu, eta emakumeen talentu teknikoa eta digitala bultzatu, gure ekonomia aniztasuna eta inklusibitatea aintzat hartuz haztea nahi badugu".
Espainiako STEM emakume unibertsitarioen espediente akademiko onenak
Irabazleak aukeratzeko, haien espediente akademikoa eta ibilbide pertsonala, hezkuntzakoa, profesionala eta soziala baloratu dira. Irene Abril (Madril) izan da diruzko sariaren irabazlea. Espediente akademiko eta ibilbide pertsonal, profesional eta sozial onenaren saria jaso du, 10.000 €-koa, eta Microsoftek eskainitako mentoring programa batean parte hartzeko aukera ere izango du.
Beste 10 saridunek ordaindutako beka bana lortu dute, sei hilabetez CaixaBank Taldean lan egiteko, eta Microsoften mentoring programan parte hartzeko aukera ere izango dute.