CaixaBankek eta Microsoftek WONNOW sariak eman dizkiete Espainiako unibertsitate gradu zientifiko eta teknikoetako 16 emakume ikasle onenei. Aurten seigarren edizioa duten sari hauek STEM (Zientziak, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) graduak egiten dituzten emakumeen bikaintasuna aitortzen dute, helburutzat izanik aniztasuna sustatzea eta historikoki oso maskulinizatuta egon diren sektore horietan genero arrakala txikitzen laguntzea.
2023ko edizioan, parte hartzaileen marka hautsi da, Espainiako 77 unibertsitatetako 1.006 hautagai aurkeztu baitira; kopuru hori 2018koaren ia laukoitza da, orduan 272 parte hartzaile izan baitziren. WONNOW sarien lehen ediziotik, 3.764 ikaslek parte hartu dute, eta, hortaz, esan daiteke erreferentziazko sari finkatuak direla esparru akademikoan. Gaur egun, WONNOW sarien aurreko edizioetan saritu zituzten 18 gaztek CaixaBank Taldean lanean jarraitzen dute, eta horietako bik Microsoften.
Sariak banatzeko ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Gonzalo Gortázar, CaixaBankeko kontseilari ordezkaria; Alberto Granados, Microsofteko presidentea Espainian; Cristina Garmendia, CaixaBankeko kontseilari independentea, eta Silvia Hernández, Microsoft Españako Banku eta Aseguru arloko zuzendaria.
Gonzalo Gortázarrek aurtengo hautagaitzen kalitate itzela nabarmendu du, eta epaimahaiarentzat erronka handia izan dela esan du: "Sari hauen bidez, STEM sektoreko profesionalen artean aukera berdintasuna sustatzen lagundu nahi dugu, eta emakumeen talentuaren garapenarekin dugun konpromisoa erakutsi nahi dugu, emakumeek, zoritxarrez, gizonek baino ordezkaritza txikiagoa baitute esparru horretan. Emakume zientzialari, matematikari eta ingeniari gehiago behar ditugu, gizarte garapen jasangarria bermatzeko eta genero arrakala azkar desagerrarazteko". Gainera, CaixaBankeko kontseilari ordezkariak hitz hauek zuzendu dizkie saridunei: "Erreferentea zarete beste neska batzuk estereotipoak apurtzera animatzeko eta haiengan zientzia eta teknologiarekiko interesa pizteko gaztetatik".
Alberto Granadosek honako hau adierazi du: "Izugarrizko erronka dugu industria eta herrialde gisa. Unibertsitate ikasketetan % 60koa da emakumeen presentzia. Baina arlo teknikoetan % 30era jaisten da, ingeniaritzen kasuan, eta are gehiago, adibidez, informatikaren kasuan, non emakumeen presentzia % 13ko baino ez den. Erreferenteak sortu behar dira, eta lanean jarraitu behar dugu, askotariko talentua izan dadin adimen artifizialaren eta punta-puntako beste arlo batzuen buru. Une honetan, gabeziak daude, halaber, zibersegurtasunaren sektorean: Espainian 22.000 postu daude hutsik talentu faltagatik. Arrakala murrizten laguntzea dute helburutzat aniztasuna sustatzen duten programek, hala nola WONNOW sariek. Duela sei urtetik antolatzen ditugu CaixaBankekin batera, eta erreferentziazko deialdi finkatuak dira unibertsitate esparruan".
STEM graduetako emakume ikasle onenak
Espediente akademiko eta ibilbide pertsonal, profesional eta sozial oneneko ikaslea Ines Álvarez de Toledo izan da, Madrilgoa. Business Analytics eta Informatika Ingeniaritzako Gradu Bikoitza egin du Madrilgo Francisco de Vitoria Unibertsitatean. 10.000 euroko saria eta Microsoften mentoring programarako sarbidea lortu ditu. Haren espediente akademikoaz gain, curriculuma eta merezimendu pertsonalak ere baloratu ditu epaimahaiak.
Gainerako saridunek ordaindutako beka bana lortu dute, sei hilabetez CaixaBanken lan egiteko, baita Microsoften mentoring programan parte hartzeko aukera ere.